Historia

Leintz Gatzaga Gipuzkoako hego-mendebaldean dago, Euskal Herriko erdialdean. Mugakide Araba duen Debagoiena eskualdeko herririk gorena da eta bertan du jatorria Deba ibaiak, harizti eta pagadi trinkoz estalitako parajean.

Ur gaziaren iturburuek eta dorletan erauzitako gatzak eman dizkiote Leintz Gatzagari izena eta izana. Izan ere, gazkintza izan da antzinatik, XX. mendearen amaiera aldera arte, herriaren jarduera nagusia.

Gatzak izan zuen balio handiagatik oso leku estrategikoa egokitu zitzaion Leintz Gatzagari. Erdi Aroaren hasieran gaztelu batek babesten zuen herria. Gaur egun, baina, gaztelu horren lekuan Dorletako Andra Mariaren Santutegia dago; Dorletako Ama txirrindularien zaindaria da.

Gatzagaren kontrola bermatze aldera, Alfonso XI.ak 1331an, hiri-gutuna aitortuz “Salinas de Leniz” hiribildua eratu zuen gatzagaren ingurutik gertu. Dokumentu horretan jaso ziren biztanleen eskubideak eta betebeharrak. “Errege Bidea” hiribildutik bertatik pasatzen zenez, Leintz Gatzagak kontrol zereginak betetzen zituen. Gipuzkoako itsas portuak Ebro haranarekin eta Gaztelako mesetarekin lotzen zituen errege bidea XVIII. mendean zolatu zen.

Hirigune historikoa ederra da. Harresiak inguratutako hiribilduak obalo itxura du, hiru kale paralelo ditu eta horiek zeharkatzen dituen kale bakar bat. Hiribilduko orduko jatorrizko zazpi ateetatik bostek iraun dute gaur arte. Oso ibilaldi atsegina egin daiteke kaleetan zehar: hainbat etxe, jauregi eta monumentu ikus daitezke, besteak beste, 12 tutuko “As de Copas” iturria, Garro, Soran eta Elexalde jauregiak, XVIII. mendeko Udaletxea eta San Millan eliza, baita gaur egungo bitxikeria batzuk ere, hala nola, pilotalekuko π zenbakia.

JAIAK

Maiatza

Maiatzeko bigarren asteburuan bi egun oso berezi ospatzen dira.

Makilakorta fest
Gatz eguna
Makilakorta fest

Herriko gazteek antolatutako eguna. Goiz osoan zehar datozen guztiak parte hartzeko jolas herrikoiak, herri bazkaria eguerdian eta arratsaldetik hasita goizaldera arte rock kontzertuak.

Gatz Eguna

Herriari nortasuna ematen dion gatzak merezi duen omenaldia egiteko ospatzen da Gatzaren Eguna, Debagoieneko Mankomunitateak eta Leintz Gatzagako Udalak antolatuta. Bertan, Debagoieneko produktuak aurkitzeaz gain, musikarekin, dantzarekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekintza eta erakustaldiak aurkituko dituzu; dena 0km.

Ekaina

Gatz Bidearen Eguna
San Juan sua
Gatz Bidearen Eguna

Leintz Gatzagaren eta bailararen arteko lotura sendotzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko ospakizuna. Gure herritik gainontzeko bailarako herrietara zein Arabara oinez egiteko dagoen aukera erakustea helburu, PR-100 ezagutzera emanez.

Iraila

Andramaixak
Andramaixak

Irailaren 8an ospatzen da Dorleta Eguna eta bertatik gertuen geratzen den asteburuan ospatzen dira herriko jai nagusiak. Egitarau zabala: musika, herri afaria, jolasak, herri kirolak... adin tarte eta gustu guztietarako ekintza eta ekitaldi aukera zabala.